XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina halako izu laborria eragin zien bidaia hark, sei preso baino ez baitziren ausartu aukera hori baliatzera.

Sevillatik Palos aldera zaldiz abiatu ziren, bideko ermita txikiena ere bisitatzeari uko egin gabe; beren bidea luzatuz, nola maitale herabearen eskuak maiteminaren gorputzean biderik luzeenak xerkatzen saiatzen diren, marrubien sastraketara galdu aurretik.

Baina zaldizko haiek itsasoa zuten ohantze, eta itsasoa ertzik gabeko hilkutxa da.

Eta nork daki, agian basamortu marrubirik gabea zatekeen, ireki behar ez ziren ur-ateak irekiz gero, gainera amilduko zitzaiena.

Nolanahi ere, jakinekoa da bideak merezi duela heltzeak berak baino gehiago.

Eta ezin uka aurki arrastoan izanen zirenik.

Bidera inguratzen zitzaien jendeari atentzioa ematen zion beste zer bat ere bazen: kaiola batean preso zeramaten piztia hura.

Kosta zitzaien, bai polito kosta ere, behin Palosko itsasartera heltzean, kaiola kalamuzko sokabilduez jaso eta ontzira jasotzen.

Basurdea zela iparrorratzik fidagarriena sartu zion norbaitek kapitainari buruan, basurdeak ez duela inolaz ere iparrik galtzen eta, nork jakin, itsasoaren erdian ez ote zitzaien hura gainerantzeko tresnak baino baliagarriago gertatuko.

Ismael Artechek ez zuen ulertzen basurde bat ontzi barruan eraman beharra zertan zen, lur-lurrean orientazione ona izango bazuen ere, zer, itsasoratzean erabat galduta ibiliko zen seguruenik piztia.